Treasure Island
Treasure Island senidetze-proiektua da, Europako zenbait uhartetako herrietan dauden Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe batzuen artekoa. Bertan parte hartzen dute Cecilia Cantizano Mariscal (San José Artesano LHI) eta Cathaisa Jiménez Marrero (La Angostura LHI) irakasleek –biak ere Kanariar Uharteetako ikastetxeak–, Erresuma Batua, Italia, Grezia, Norvegia, Portugal, Polonia, Lituania eta Frantziako beste hamaika kiderekin batera.
Proiektuaren helburu nagusia ikasleak ingurune bakoitzeko ‘altxor naturalak’ bilatzera bultzatzea da, altxor horiek baloratzen ikas dezaten, beren bizitza osorako bereganatuko dituzten ikasketa-trebezia batzuk eta ingurune naturalari zor zaion errespetuzko jarrerak gara ditzaten. Proiektuaren ardatza izaki bizien ur beharra da, eta diziplina arteko jarduera batzuetan gauzatzen da. Begi-bistako gauza da proiektua aurrera eramateko hautatu diren gaia, batetik, eta, bestetik, eginez eta deskubrituz ikasteko metodologia testuinguru egoki-egokia direla ikasketa esanguratsu eta, aldi berean, ikaslearentzat motibagarri baterako.
Ikasleek itsasoko bizitza eta itsasoaren parez pare doana ikertzen dituzte, ikasten dute ikastetxe bakoitzean egiten den ur kontsumoa begiratzen eta aztertzen, alderatzen dituzte emaitzak eta aztertzen dituzte, era berean, kontsumo arduratsuko eta garapen iraunkorreko praktikak.
Kideen arteko komunikazioa bideokonferentzia bidez egiten da Flashmeeting tresna erabiliz; horrek aukera ematen dio ikasleari era praktiko eta eraginkorrez elkarrizketa- eta entzuketa-trebetasunak praktikan ipintzeko. Irakur trebetasunek ere toki garrantzitsua dute proiektuan: itsasoa gai duten irakurgaiekin zerikusia duen lehiaketa bat antolatu da parte hartzen duten herrien artean. Hain zuzen ere, irakurtzera bultzatzeko egin duen kanpaina bat dela-eta nabarmendu da kide espainiarra lehiaketa horretan. Oro har, ikusten da ikasleek era aktiboan hartu dutela parte, eta emaitza gisa hor ditugu eskulan, ikus-entzunezko aurkezpen eta webeko eduki ikusgarriak.
|
![]() |

Proiektuaren onura garrantzitsuenak aipatu behar-eta, azpimarra dezagun proiektuak europarren hizkuntza aniztasunaren aurrez aurre ipintzen dituela ikasleak, eta bultzada handia da hori atzerriko hizkuntza bat ikasteari ekiteko. Hizkuntzen erakuspen hori, batetik, eta alderdi kulturalak ezagutzea, bestetik, bultzada dira herrien arteko hesiak suntsitzeko eta elkar ulertzea bultzatzeko. Eta horrez gain, proiektuan ingurumenaz jabearaztea bultzatzen da ikasleei ingurune naturalean aldaketak antzematen irakatsiz eta garapen iraunkorreko jarduerak egitera bultzatuz.
Bisita dezakezue proiektuko TwinSpace-a lotura honetan.
Irudien iturria: