Steps to improve the environment
Hil honetan ingurumena gai duen diziplina arteko proiektu bat dakarkizuegu, Mari Carmen García irakasleak koordinatua, Puerta de Pechina (Almeria) LHI, Portugal, Zipre, Finlandia, Lituania, Errumania eta Erresuma Batuko ikastetxe batzuekin elkarlanean.
Proiektu honek Kalitate Zigilu Nazionala jasoa du berriki sari gisa. Helburu nagusia ikasleen artean ekologiaren ardura pizten lagunduko duten ekimenak sustatzea du, naturaren ondarea estimatzen eta herri europar batzuen eta besteen ingurune naturalen antzak eta desberdintasunak atzematen lagunduko dieten jarduerak sustatzea. Azpimarratzekoa da proiektuan irakasgai batzuek eta besteek dutela parte: Natur Zientziak, Teknologia, Ingelesa, Informatika, Heziketa Plastikoa, Gaztelania eta Gaztelaniazko Literatura, etab. Tutoretzako orduak berak ere izan du bere tokia proiektuan inguruneari buruzko galdetegi bat egin eta elikadura ekologikoaz hitz egiteko. Proiektuaren izaera diziplina arteko honek koordinazio eta elkarlan handia eskatu die partaideei, lan dinamika egokian oinarrituta eta parte-hartze orekatuan, talde-lanean eta partaideen arteko dokumentu trukean oinarritutako lana.
Bere ezaugarriak halakoak direlako, proiektu hau egokiro txertatzen da eskola kurrikuluan eta gaur egun ikastetxe espainiarrean abian diren beste ekimenen batzuekin ongi lotzen da (esate baterako, ARCE eskola elkarte edo sareetan). Funtsean, erabili den metodologia atazak eta egitekoak izendatu eta esleitzea izan da (ebaluazioak, galdera-zerrendak, neurketak, etab.) helburu izanik beti ikasleari eragitea, ardurak harraraztea eta proiektuaren fase bakoitzean ikasketan jarrera ekilea ateraraztea.
Proiektuak aukera eman die ikasleei oso tresna espezifikoak erabiltzeko; besteak beste, sentsore eramangarriak, GPSa eta argazki-kamera sinkronizatuak, parte hartzen duten herrietako CO2 mailak neurtu eta alderatzeko. Asko eta asko erabili dira TwinSpace-ko foroa, txata, Skype eta Ning sarea elkarreragiteko, eztabaidatzeko eta dokumentazioa elkarri helarazteko. Hala, parte-hartzaile bakoitzak egin ahal izan ditu era bateko eta besteko analisiak beste ikastetxeetako ikasleek bidalitako neurketez baliatuz. Emaitzak aurkeztu eta zabalkundea egiteko Google Earth, testu editoreak, aurkezpenerako softwarea, bideoak, TwinSpace, Ning sarea eta Moodle plataforma erabili dira. Ikastetxeen arteko trukeak eta bisitak ere oso lagungarri izan dira nazio batzuetako eta besteetako parte-hartzaileek beren irudipenak konpartitu zitzaten eta aurkezpen komunak egin zitzaten.
Oro har, antzematen da bai irakasleak bai ikasleak daudela pozik emaitzekin eta aktiboki hartu dutela parte garapen iraunkorreko proposamenak lantzen. Dudarik ez da eskolatik bertatik kontzientziak mugiaraztea eta ingurumenarekiko errespetuzko jarrera eta ohiturak bultzatzea urrats irmoa dela etorkizuneko herritar europarren prestakuntza integrala helburu dugula.
Kontsulta ezazu proiektua: TwinSpace
Irudien iturria: 'Steps to improve the environment' proiektua