Azala / Premios eTwinning 2012 / Europe: Reading is also the future. Irakurketaren erronka.
.

Europe: Reading is also the future. Irakurketaren erronka.

12 
Mar 
2012  |  

Izenburua: Europe: Reading is also the Future – Europa: La Lettura è anche il Futuro – Europa: Irakurketa ere Etorkizuna da.

Hezkuntza Etapa: Haur Hezkuntza

Irakasgaia: Diziplina artekoa

Imagen_logo_proyecto_europe_reading"Europe: Reading is also the Future" Gijongo Tremañes Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxeak eta  Milango, Italia, Scuola dell’Infanzzia Opera de Noverasco di Opera ikastetxeko haien lagunek aurrera ateratako seigarren lankidetza-proiektua da.

 

 

 

Proiektu honetan parte hartzen duten Haur Hezkuntzako ikasleen sormena pizteko bi ideia berritzaile baliatu ziren: Europan irakurzaletasuna sustatzeko kanpaina bat abiaraztea eta literatur sorkuntzako lankidetzako tailer bat eratzea.

Proiektuko kide diren irakasleek helburu nagusiak izan dituzte gogoan, baina izan duten gogoan, halaber, Europako Batasuneko sinbolo eta baloreak irakurketaren inguruan egindako jarduerekin lotzea eta erlazionatzea ere. Horregatik, bada, proiektu honetan parte hartu duten 4 eta 5 urteko ia 70 ikasleek ezagutu dute Europako Batasunaren bandera, horretarako baliatu diren proiektuaren logotipoaren bidez eta Batasunaren ereserkiaren bidez. Lehen Hezkuntzako ikasle-talde batek jotzen zuen flauta eztiaz egin zituzten bideoetan musika lagungarri gisa. Irakasle partaideek adierazten duten bezala, proiektuaren helburua, besteak beste, Europa 'askotariko batua' kontzeptua helaraztea da, eta honako hau bezalako iturriak ditu inspirazio iturri: “Irakurketaren bidez herri guztietako gizakumeen eta herritarren garaikide bihurtzen gara”. (Ode, XV, à l’Académie française).

Plangintza bikaina du proiektuak bere baitan, aldiak, egin beharreko jarduerak, sortu beharreko edukiak eta erabili nahi den metodología xeheki jasotzen dituena. Begi-bistakoa da bi ikastetxeen artean komunikazio eta koordinazio ona dagoela. Elkarlanean sei eTwinning proiektu egin eta gero, irakasle italiar eta espainiarrak elkarlaneko eta koordinazioko gogo sendoko taldea osatzen dute.

Irakurketaren munduan egin zuten bidaiaren hasiera nazio bitariko taldeak sortzea izan zen. Oso era originalean gauzatu zen ideia hori “korrespontsalaren” figuraren bitartez; Tremañesko neskato-mutikoek adin bereko “korrespontsal” bat edo bat baino gehiago izan zuten Noverascon. Eta zer hobe elkar ezagutzeko bideokonferentzia bat baino? Ikasle horietako askorentzat IKTetara lehen hurbiltzea izan zen; horregatik entseatu zuten irakasleek behin baino gehiagotan ikasleak gustura eta lasai egon zitezen beren lagun berriak ezagutzerakoan.

TwinSpace-ko blogean Mariano Suárezek, Tremañesko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeko irakasle-taldeko kideak, hala dio elkar ezagutze horretaz: “Gauza bakarra azpimarratu nahi dugu, IKTak erabiltzeak nola aldatu duen eTwinning proiektuetako ume horien parte-hartzearen forma eta edukia. Beren bizitzako lehen bideokonferentzia egitea komunikazio era berri bat deskubritzea izan da beraientzat; baina, horrez gain, beren korrespontsal italiarrak “pertsonaia” benetakoagoak bihurtzea ahalbidetu du. Bete-betean asmatu dugu korrespontsal bikoteak antolatuta, adiskidetasun sentimendua pizten du eta gauza benetakoago edo errealago egiten du; den-denak dira korrespontsal italiarren lagunak, baina norberarena den hori munduko lagunik onena izango da aurrerantzean. Bada, zer esan, esperientzia itzela”.

Maisuaren gogo bizi bera dute umeek ere. Ikus dezagun zer iritzi zioten batzuek bideokonferentziari. Tremañestik, Sergiok aitortu zuen “Nire lagun Cristianekin hitz egitea izan nuen gustukoen. Nire lagun hori ordenagailuan topatu nuen, pantailan”; Noverascotik, berriz, Cristianek diosku: “Nire lagun Sergio ikusi dut, oso guapoa da. Luze hitz egin nahi nion, baina maistrak eten egin zidan… Sergioren bila ibili naiz ondoko ikasgelan, baina ez zegoen han. Nire maistrak azaldu zidan Sergio oso urrun dagoela eta ez dezakedala ikus eta ez diezaiokedala hitz egin ordenagailuaren bidez baizik. Ikusi dut Tremañes mapan… oso urrun dago!”.

Europan irakurtzera bultzatzeko publizitate-kanpainaren lehen fasean, eTwinner espainiar eta italiarrak liburuen eta irakurketaren aldeko argazki-kartel publizitarioak egitearen aldeko agertzen dira. Oso argitasun handia erakusten duen ideia da hori, kide diren bi ikastetxeetako neskato-mutikoen fantasia eta irudimena pizten eta mugiarazten dituena, eta elkarlanean jardutea zer den erakusten diena. Aldez aurretik eratu ziren korrespontsal bikote edo korrespontsal talde txikien barruan, haur bakoitzak esaldi labur bat bidalia zion bere korrespontsalari aditzera ematen zuena irakurtzea zergatik den garrantzitsua, edo liburuekin gozatzeko arrazoi bat aipatzen zuena. Gero, ikasgelan korrespontsalek bidalitako esaldiak landu ziren, eta azkenean, itzulita, 70 publizitate-karteletan jaso zituzten liburuen zale eta irakurzale gehiago egitea helburu zutela. Kartelak sortzeak aukera eman dien haurrei beren ikaskideen ideiak errespetatzen eta ideia horiekin lan egiten ikasteko, beren kartelerako liburu egokia hautatzeko bibliotekaren mundu magikoan bidaiatzeko eta argazkigintzarekin lehen kontaktu bat izateko. Ikus dezagun irakurtzera bultzatzeko kartel baten historia:

Publizitate-kanpainaren bigarren etapan, Tremañes eta Noverascoko gure protagonistak berak bihurtzen dira ipuin idazle, literatur sorkuntzako elkarlaneko tailer birtualean; liburu digital batean argitaratu zituzten gero ipuin horiek. Irakasleek “Bit-cuentos” berrikuntza teknikoa hautatu dute horretarako. Hasieran 112 “bit” edo irudi erakargarri zituzten haurrek eskura, eta horietatik zazpi baino ez zituzte hautatu behar (bi pertsonaia, animalia bat, ibilgailu bat eta bi gauza). Sorkuntza tailerrari honela eman zitzaion hasiera: gela batekoek ipuina hasi zuten eta bere talde korrespontsalari bidali zioten; talde horrek jarraipena eman zion eta atzera itzuli zion lehenengo taldeari; ipuina jasotakoan, hasiera eman zion taldeak bi amaiera posible asmatu zituen, eta, gero, korrespontsalek amaiera hautatu zuten eta izenburu bat eman istorioari.

Beren ipuin propioa sortzeko askatasunak pozez bete zituen bi herrialdeetako ikasleak eta are indar handiagoz piztu zuen horrek haien irudimena; hala, istorioa prest eduki zutenean, neskato-mutikoek beren marrazki propioen bidez irudiztatu zituzten beren ipuinak. Formatu digitalean argitaratuko ziren gero. Beren ideia artistikoak gauzatzeko, irakasleek FlockDraw proposatu zuten, bi eratara erabil daitekeen tresna: ordenagailu bat edo baino gehiago baliatuz, bakarka nahiz taldean marraztu eta koloreztatu, edo, nork bere kideekin batera eta aldi berean arbel digital konpartitu batean marraztu, denbora berean egiten ari den lanaz hitz egin edo txateatu dezakeela. Proiektu honetan bi aukerei atera zaie etekina. Alde batetik, istorioek bi ilustrazio dituzte aukeran, talde bakoitzak egin baitzituen bere marrazki propioak. Bestetik, berriz, lau urteko haurren irakasle-taldeak elkarlanaren metodologia hautatu zuen berriro ere liburu digitalaren azala egiteko, eta lortu zuen neskato-mutikoek beren kideekin topaketa birtuala izatea eta beren irudimenari hegan eginaraztea FlockDraw-rekin marrazten zuten denbora berean.

Irakasleek ez zuten ahaztu liburu digitalean bai espainolezko istorioa bai italierazkoa jasotzea; hala, azken emaitza ipuin liburu elebiduna da. Ikus dezagun bi ikaslek Calaméon elkarrekin egindako lanaren atal bat:

Hezkuntza-komunitatea hasieratik egon da proiektuari adi eta proiektuarekiko arretatsu. Haur Hezkuntzako ikasleen familiak aldian-aldian jaso izan dituzte gutunak proiektuaren garapenaren berri emanez, beren seme-alabak diharduten jardueren berri, bai eta familiek berek ere proiektuan parte hartzeko egin zitzaketen jardueren berri ere (kartel erakusketara azaldu, udal liburutegitik liburu bat hartu maileguan, eta abar). Jarrai zezaketen proiektuaren ibilbidea Hablamos de literatura infantil blogean, non aktiboki hartu baitzuten parte argitaratutako sarrerei iruzkinak eginez.

Proiektuaren amaierarako irakurtzera bultzatzeko kartelen erakusketa bat egin da bi udaletako liburutegietan hizkuntza banatan. Inaugurazio ekitaldian kartelak egin zituzten ikasleak eta haien familiak izan ziren, eTwinning proiektuaren irakasle arduradunak, Tremañes ikastetxeko zuzendaria, La Calzadako Udal Liburutegiko zuzendaria, Asturiasko eTwinning proiektuen arduraduna, eta abar. Helduentzat harrigarri gertatu zen ikustea nola, irakurtzen eta idazten oso ongi ez dakiten haur batzuek, beren xalotasunean eta lañotasunean, antzematen duten irakurketak eta liburuek zer balio duten. Bestalde, berriz, txikienentzat, aparteko esperientzia izan da helduen munduaren aurrean beren iritziak adieraz ditzaketela ikustea, eta beren lana, berez helduena den toki batean (liburutegia, herriko aldizkariak, bloga), erakusten dela.

Proiektua amaitutakoan, Tremañes eta Noverascoko ikasleek, ordukoz jada elkarren lagun eginak, liburuen munduko abentura ausarta hasi zuten bezala esan zioten agur elkarri, bideokonferentzia bidez.

Beste kultura eta hizkuntza bateko ikasle europarrak ezagutu izana, besteen ideiak baloratzen eta gauzatzen ikasiz lankidetzan aritzea, iritziak, sentsazioak eta esperientziak elkarri azaltzea, herrialde batzuetako eta besteetako ikasleen eta irakasleen artean adiskidetasun loturak sortzea, eta hori guztia IKTen laguntzaz egin izana, dira eTwinning proiektu honen arrakastaren bermea. Mariano Suárez maisuak, bere aldetik, bere irudipenak kontatzen dizkigu: "Proiektuan  bereziki aipatzekorik ezer? Zail da hautatzen, baina, hautatu behar-eta, lau eta bost urteko "pirata" horiek eman zizkidaten bi sorpresa aipatuko nituzke. Harritu ninduen ikusteak zeinen erraz eta erakargarri izan zitzaien nazioarteko talde mistoetan lan egitea, beren korrespontsalen ideiak berenganatuz eta garatuz. Oso pozik utzi ninduen, era berean, IKT tresna berrietara egin zuten hurbilketak: Skype beren lehenengo bideokonferentzietarako, FlockDraw arbel digitalean elkarlaneko marrazketarako. Hau da: taldean eta elkarrengandik urruti lan egiteko gaitasuna, komunikaziorako eta IKTen bidezko sorkuntzarako gaitasuna. Zer gehiago eskatuko diegu? Etorkizuna berena da, eta, beren bizitzako uneren batean, eTwinning hor izan zuten lagun etorkizun hori bilatzen. Eskerrik asko horregatik, eTwinning".

 

Embed Embed this video on your site

Aurki itzazu proiektua eta sortutako material guztiak lotura hauetan:

Loturak:

TwinSpace: http://new-twinspace.etwinning.net/web/p37240/welcome

Bloga. Hablamos de Literatura Infantil: http://infantiltremanes.wordpress.com/europe-reading-is-also-the-future-etwinning-project/

Add comment


Security code
Refresh

Contacto Boletín mensual Lo más leído
TwitterFacebooke-mail

Jar zaitezke gurekin harremanetan Facebook, Twitter edo posta elektronikoaren bidez

boletin_noticias_49x49

¿Deseas recibir información sobre campañas, cursos, proyectos? Suscríbete a nuestro boletín mensual y recibirás en tu correo electrónico todas las novedades.

Últimos boletines

Servicio Nacional de Apoyo eTwinning | Proyectos de Colaboración Escolar en Europa
Instituto Nacional de Tecnologías Educativas y de Formación del Profesorado | Ministerio de Educación, Cultura y Deporte
C/ Torrelaguna 58. 1ª planta, despacho 141. 28027 - Madrid
Tel: 913778377 | Contactar