Gara ezazu zure sormena 2.0 mapa mentalen bidez.
Hitzak, ideiak, kontzeptuak, atazak, irudiak edo marrazkiak... Den-dena sar daiteke mapa mentalen diseinuan, segur aski, gure sormena garatzeko tresnarik lagungarriena diren mapa horietan.
Tony Buzan zientzialari ingelesak sortutako teknika da, eta zerean datza, edozein informazio mota era egituratu eta sailkatuan irudikatzean, informazio berori diagrama batean grafikoki bistaratuta eta era erradialean antolatuta. Diagramaren erdian hitz bat edo ideia ardatz bat nabarmentzen da, eta bertatik abiatuta informazioa osatzen duten elementuak beren garrantziaren eta harremanaren arabera antolatzen dira. Geziak eta koloreak oso lagungarri izan dira mapa mental horiek paperean zertzerakoan, errazten baitute haietan jasotako informazioa barneratzen.
Mapa mentalak estudioari eta laburpenak egiteari lotu izan zaizkio ohiki, ikasketarako lagungarri direlako, batik bat, baina ezin uka daiteke baliagarritasun ugari dituztela. Are ugariago kontuan hartzen badugu lineako tresnetan gertatzen ari den loraldia, erraztu egiten baitu horrek mapa horiek egitea eta eremu batzuetan eta besteetan aplikatzea: aurkezpenak, txostenak, erabakiak hartu, proiektu berriak sortu, arazoak konpondu, egitekoak banatu, etab. Tresna horiek duten beste alderdi positibo bat dokumentuak, bideoak, webetarako loturak, animazioak, etab., txertatzeko ematen duten aukera da, bai ideia nagusian bai berorretatik sortzen diren nodo batzuetan eta besteetan ere. Horrela eusten zaio informazioari antolatuta eta lehentasunen araberatuta. Orain argitara daitezke mapa mentalak Internet bidez eta beste kide batzuekin konpartitu tresna horiek eskaintzen dizkiguten aukerei esker.
Freemind software libreko tresna da mapa mentaletako informazio-nodo batzuetan eta besteetan irudiak, atzeko planoak, web loturak, etab., eranstea ahalbidetzen duena. Gainera, aukera eskaintzen du formatu desberdinetara esportatzeko (PDF, irudiak, grafiko bektorialak, web formatuak) eta Internet bidez konpartitzeko. Bere web-orri ofizialetik deskargatuta eta behar bezala instalatutakoan, sortu ahal izango dugu gure mapa mental pertsonalizatua nodo eta guzti, nahi izanez gero, itxura aldatuta, webei loturak erantsita, karpeta lokalak edo fitxategiak exekutatzekoak, nodoak beren artean erlazionatuta, etab. Tresna horretaz gehiago jakin nahi izanez gero ez ahaztu ITEren Behatoki Teknologikoaren tutorial ederki osatua.
Cmaptools-ek, berriz, erraz instalatzeko tresna librea hau ere, Freemind-ek eskaintzen duen guztiaz gain, aukera ematen du kontzeptu baten pean baliabide baten loturarako ikonoa aldatzeko eta eztabaida-zerrenda bat eransteko. Gainera, Cmaptools-ek uzten du mapa bati testu ohar deskriptiboak eransten, mapa hasiera-hasieran sortu zenean erabili ez ziren datuak gogoratzeko edo beste pertsona baten mapan zer edo zer iradokitzeko. Edutekak egindako tutorial dinamiko honek nahiz tresnaren web-orri ofizialeko beste horrek, biek ematen dizute aukera zure mapa mentalak benetako datu-sare antolatu bat bihurtzeko.
Mindmeister-en bidez hiru mapa mental ere sor daitezke bere dohaineko bertsioaren bidez –beste bertsio batzuk ere eskaintzen ditu, erabiltzaile posiblearen araberakoak, baina guztiak ere ordaindu beharrekoak–. Azpimarragarri deritzogu tresna honetan elkarlanerako oso tresna egokia izateari, bere mapak ederki konpartitu baitaitezke posta elektronikoaren edo lotura seguru baten bidez. Baliagarritasun guztien artean nabarmentzekoa da erabiltzaile bat baino gehiago aldi berean mapa erreal batean elkarlanean jardun ahal izatea, bakoitzaren esku-hartzeak koloreen bidez nabarmentzen direla, eta eskaintzen duen txataren bidez elkarri ideiak eta iritziak helarazi ahal izatea. Gainera oso interfaz intuitiboa dakar eta mapetan jasotako datuen segurtasuna bermatzeko neurriak. Bere web-orri ofizialeko laguntzaguneak eskuragarri jartzen dizkizu mapak sortzen etor lekizkizukeen zalantza guztietarako konponbideak.
Bubbl.us erabat lineako tresna da; ez da, beraz, aldez aurretik deskargatu beharrik ez instalatu beharrik. Erregistratu besterik ez duzu, eta sortu ahal izango dituzu baita hiru mapa ere dohaineko bere bertsioaren bidez. Kontsulta ezazu Educared-ek sortutako bideotutoriala aplikazio horren zer-nolakoen berri izateko, eta errepara iezaiozu ondoren hemen erakusten den bere erabileraren adibideari.
Tresnetan azkenekoa Spicynodes da. Bere webean erregistratutakoan has zaitezke mapa mentalak egiten, xehetasun batzuk zehaztuz, interfazearen estiloa hautatuz eta edukia maila desberdineko nodoetan editatuz. Amaitzeko, ikus ditzakezu emaitzak aldez aurretik, HTML kodea edo kode kapsulatua (embed) eskura dezakezu webgune batean edo blog batean txertatu nahi izanez gero.
Izan ere, mapak behin eta berriro erabili izan dira heziketan, egiteko garrantzitsua dute arlo pedagogiko batzuetan eta besteetan, eta, jakina, oso baliagarriak izan daitezke eTwinning proiektuetan lankidetza-ingurune batean. Horien erabileraren adibidea dugu En la red que no te pesquen proiektua. Proiektu honetan Spicynodes tresna baliatu da parte hartutako ikastetxe bakoitzak –Espainiako bi, Portugalgo bat eta Suediako beste bat– egindako atazak, bai ikastetxe bakoitzak bere kabuz egindakoak bai elkarlanean eta lankidetzan egindakoak egokiro antolatuta biltzeko. Tresna honek aukera ematen du nodoetako bakoitzean dokumentu, irudi, soinuak eransteko, eta benetan erraz gertatzen da proiektu bikain honetako, fase, jarduera eta emaitzak bistaratzea. Tresnaren erabileraren adibide modura, ikus dezakezu Proiektuaren Twinspace-ko jarduera-orri bat.
Celebrating eTwinning Football Across Europe proiektuan jardueretako batean tresna hori berori erabili zen. Zehazki esateko, ikasleek beren herriko izen handieneko futbolarien bizitzaren inguruan ikertu behar zuten. Hala, pertsonaia horien haurtzaroa, kirolean egindako ibilbidea, gustuak eta zaletasunak, etab., nodoetan jasota geratu ziren, eta ikasle parte-hartzaileek bistara zitzaketen emaitzak era argi eta ongi egituratuan. Eman iezaiozu begiratu bat mapa mental honi Proiektuaren Twinspace-an.
Mapa mentalek aplikazio asko dituzte eTwinning-en; erabil daitezke proiektuen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan, eta proiektuaren egoerari buruzko informean kontuan izan eta jaso beharreko aspektuak idatzi, proiektuaren proposamena, irakasle partaideen arteko elkar-ezagutze prozesua, lan-proiektua, jarraipen-informea, eta abar.
Irudiaren iturria: Foter
Honekin erlazionatutako beste artikulu batzuk
IKT tresna
- Uso de mapas mentales para estructurar la información
- Dale la vuelta a tu clase con eTwinning
- Interneteko baliabideen erabilera ardurazkoa
- Ikaskuntza-komunitateak: eTwinning
- Ikasgelan eTwinning-en bidez programatzea
- Asmamena eta talentua eTwinning-en: Emaze-n bidez egindako aurkezpenak.
- eTwinning buru-argitasuna eta adimena: Cacoo, eTwinning proiektuan diagramak txertatzeko
- Ikasketa bisualaren garrantzia: infografiak ikasgelan.
- Ingenio y Talento eTwinning: usar Pinterest en un proyecto eTwinning
- Ingenio y talento eTwinning: presentaciones herramientas 2.0 Conferencia Lisboa 2013