Cazatesoros en eTwinning

30 
Aza 
2011  |  

Imagen_mapa_del_tesoro

Lineako altxor-bilatzaileak deitzen zaie (on-line treasure hunts) parte-hartzaileek, igarkizun batzuk asmatzeko, arrastoak jarraitzen dituzten eta web-orriak edo benetako toki errealak bisitatzen dituzten jarduera batzuei.

 

 

 

 

Ikasle-taldeak igarkizun horiek asmatzen baldin baditu, saria jasoko du, sari sinbolikoa kasu gehienetan. Hezkuntzaren esparruan horrelako estrategiak baliagarriak dira  ikasleek:

  •  gai jakin bati buruzko informazioa biltzeko.
  •  ezagutza eta ekintza uztar ditzaten eta beren ikasketa-lanean aktiboki parte har dezaten.
  •  irakurria ulertzeko ohiturak sustatzeko.
  •  sarean materiala bilatu eta hautatzeko trebetasun digitalak garatzeko.

Altxor-bilatzaile bat sortzea jarduera erraza da. Funtsean, gai jakin baten inguruan galdetegi moduko dokumentu bat sortzea da, eta horri web helbide-zerrenda bat eranstea. Ikasleen egitekoa, berriz, informazioa aukeratuz eta irakasleak eskura jarritako web-loturetan ikertuz, egin diren galderei erantzutea, eta ondoren azken hausnarketa bat egitea.

 Altxor-bilatzaile bat egiteko pausoak:

  • Landu nahi dugun edukia, ideia edo kontzeptua hautatu.
  • Edukia zabaltzea eta indartzea ahalbidetuko duten web-orri eta baliabideetarako loturak bilatu.
  • Ikasleei erantzunak bilatzeko gida baliagarria izango zaien galdetegia egin. Ariketa egiteko eragingarri izan daitezkeen elementu ludiko batzuk gehitu.
  • Laneko orri bat entregatu parte-hartzaileek egitekoa aurrera ateratzeko erabiliko dutena.

 Orri horretan atal hauek zehaztuko dira::
  • Sarrera. Ataza modu entretenigarrian aurkeztu behar da eta egiteko erari buruzko jarraibide orokorrak eman behar dira. Oso garrantzizkoa gaia, lan-arloa zedarritzea eta burutzeko denbora muga bat finkatzea.
  • Galderak. Ikasleak erantzun beharko dituen eta ikaslea bera jarduera burutzen gidatuko duten galdera batzuk proposatuko ditugu. Alternatiba moduan txerta ditzakegu ariketa batzuk, hala nola, hutsuneak betetzekoak, gezien bidez lotzekoak, egia/gezurra erakoak. Galderen formulazioak berak pentsarazi eta hausnarrarazi egin behar du.
  • Baliabideak. Irakasleak aldez aurretik aukeratutako web-lotura zerrenda bat da ikaslearen arreta barreiatu ez dadin eta, aitzitik, bere ikerketa informazio corpus jakin batean bildu dezan. Ahal dela zuzenean informazioari estekatutako loturak ipini behar dira, eta gehienez hamar.
  • Galdera nagusia. Ataza amaitzerakoan, ikasleari azken galdera egingo diogu, nolabait aurreko galdera guztiak bere baitan bilduko dituen galdera, eta nolabaiteko hausnarketa bat egitera behartuko duena. Parte hau oso baliagarria da arauak eta jarrerak garatzeko (jabetu, inplikazio pertsonalak, etab.).
  • Ebaluazioa. Atal honetan azaltzen da jarduera amaitutakoan irakasleak zer ebaluatuko duen eta nola egingo duen. Oso aberasgarria izaten da burututako jarduera taldean zuzentzea eta ondotik parte-hartzaile guztiek gogoeta egitea.
  • Kredituak. Ikasleei baliabide zerrenda bat ematen zaie (bibliografia, irudiak, soinuak, testuak), irakasleak jarduera sortzeko erabilitakoak izateaz gain, ikaslearentzat ere lagungarri izan daitezkeenak bere kabuz hainbat edukitan sakontzeko.

eTwinning-eko gure prestakuntza-ikastaroan honako altxor-bilatzaile adibide praktiko hauek proposatzen ditugu. Ausartuko zinateke horiek gauzatzen hemen altxor-bilatzailetarako deskribatu dugun egiturari jarraituz? Anima zaitez eta bidal iezaguzu zure proposamena Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu . Aipamen handiena merezi dutenak artikulu honetatik argitaratuko ditugu lotura moduan.

1. SUPOSIZIOA

ALTXORRAREN BILA

Historialari batzuek diote badela oso altxor baliotsua Frantziako hegoaldeko Quéribuseko gaztelu kataroan lurperatua. Historialarietako batek ikasle talde bati eman dio altxorra bilatzeko enkargua, ikasle italiar eta espainiarrek, norbere herrian, hots, Italian eta Espainian, bizi diren ikasleek osatutako bitariko talde bati. Luzaro gabe, ikasleak toki horretaraino joango dira, baina aldez aurretik gaztelutik hurbilen dagoen herrirainoko bidaia eta, gero, harresi barruan egiteko lanaren plangintza egin behar dute.

Egiteko horretan laneko zein hizkuntza erabili parte-hartzaileek erabakitzen dute.

Eginkizuna amaitzeko, emaitzak argitaratuko dira eta zabalkundea egingo, eta Quéribuseko Egunerokoa egingo da, bertan  labur-labur kontatzeko lanaldiak nola joan diren.

Misio hori, eginkizun hori, arrakastaz burutzea lortzeko -altxorra agertzen ez baldin bada ere- egin ezazu gogoeta laburra honako galdera hauen inguruan:

1.- Nola komunikatuko zara zure proiektukide italiarrarekin ikasleak antolatzeko? Zein tresna erabiliko dituzue: posta, txata, skype, foroa...? Irakasle-gela esparru pribatu eta segurua da eta izan daiteke baliagarria.

2.- Zein tresna erabiliko dute ikasleek beren artean komunikatu eta espedizioa antolatzeko: bloga, txata, skype, foroa...? Bidaiaren ibilbidea eta iritsi beharreko tokiari buruzko informazioa bilatu behar dute, kataroei eta altxor desiratuari buruzkoa, garraiobidea planifikatu, nolako jantziak eramango dituzten eta herri bakoitzera zer tresna eramango dituzten erabaki. El Rincón del Alumno ikasleentzako tokia da, baliagarri izan dakiekeena.

3.- Ikasle-taldeak ikasle-administratzaile bat izango du, ala ikasle guztiek izango dute edukiak eta informazioa gestionatzeko ahalmena?

4.- Non eta nola argitaratuko dira bidaiaren etapak eta gazteluko lanaldiak? Irudi-galeria, bloga, wikia...?

5.- Herritarren informazioa oso baliagarria da eta balio handikoa. Ikasleek badute haiekin elkarrizketatzeko asmorik? Nola erabiliko dute tokiko hizkuntza?

2. SUPOSIZIOA

IPAR POLOA 2012

2012 abenduaren 21eko goizaldea da. Igarri da tamaina txikiko asteroide jasa izugarria hastekoa dela Ipar Poloaren gainean ordu gutxiren buruan. Zona hura erabat bonbardatuta geratuko da. Lurrikarak espero dira, eta baliteke populatutako eskualderen batek ere meteorito horien erasoa jasatea. Baina ez da hori arrisku handiena. Zientzialariek diote itsasoaren mailak nabarmen gora egitea espero dutela, baita egungo maila baino 100 metro gorago ere: biztanleria atera behar da! Gobernu europarrek egiteko hori Espainia, Italia eta Danimarkako bigarren hezkuntzako ikasle-talde baten arduran uztea erabaki dute. Hain zuzen, ikasle-talde horrek informe bat egin behar du nazio europar guztientzat jasoko dituena: * Itsasoak gora egindakoan geratuko den Europaren mapa. *Hustu beharreko 500.000 biztanle baino gehiagoko hirien zerrenda. *Ebakuazio plana: nora eraman behar ditugu hiri horietako biztanleak? zein hiri har ditzakete? *Babestutako animalia espezieen zerrenda, horiek ere atera beharrekoak, desager ez daitezen, eta nora eraman daitezkeen. *Arte objektuen zerrenda (koadro, estatua, eta abar), ebakuatu beharrekoak, era berean. Hona hemen, hala gertatuz gero, suposizio hori aurrera eraman behar-eta zer galdera planteatzen ditugun: 

1. Nola planteatu gure ikasleak eta ikasle italiar eta daniarrek elkarrekin lan egiteko modua? (taldekatzea, komunikatzeko bideak, eta abar).

2. Planifika itzazu TwinSpace-an jarduera batzuk proiektu honi egokituak eta jarduera horietako bakoitzean sartu beharreko tresnak.

3. Erabil litezke ikasle-administratzaileak? Zer lan egin litzakete ikasle-administratzaileek?

4. Nola aurkeztuko dute gobernu europarrek eskatzen dieten Informea? (ahalegindu zaitez galdera honi erantzun bat baino gehiago ematen, eTwinning-eko proiektu batean tresna ugari erabil daitezkeela erakutsiz).

5. Egin ezazu proiektu honetan landuta irits daitezkeen helburuen zerrenda. Bururatzen zaizu proiektua hobetzeko ideiarik?


 

Add comment


Security code
Refresh

Contacto Boletín mensual Lo más leído
TwitterFacebooke-mail

Jar zaitezke gurekin harremanetan Facebook, Twitter edo posta elektronikoaren bidez

boletin_noticias_49x49

¿Deseas recibir información sobre campañas, cursos, proyectos? Suscríbete a nuestro boletín mensual y recibirás en tu correo electrónico todas las novedades.

Últimos boletines

Servicio Nacional de Apoyo eTwinning | Proyectos de Colaboración Escolar en Europa
Instituto Nacional de Tecnologías Educativas y de Formación del Profesorado | Ministerio de Educación, Cultura y Deporte
C/ Torrelaguna 58. 1ª planta, despacho 141. 28027 - Madrid
Tel: 913778377 | Contactar